Aitatxo, Amatxo, gaur artearekin jolastu dut.
Gaur sekulako eguna izan dut!! Lenenik eta behin nere lagunekin margolan bat egin dut! Baina ez edonolakoa. Maindire zahar txuri bat sei lagunen artean heldu dugu eta irakasleek kolore ezberdinez bustitako hiru pilota bota dituzte erdira. Eta Orduan hasi da festa! Eskuekin maindirea goruntz, beheruntz, eskubiruntz eta ezkerreruntz eramaten hasi gara, eta honela, pilota bakoitzak bere ibilbidea margotu du izaran barrena. Konturatu garenerako artelan eder bat bilakatu da maindire txuri zahar hura … Begiraleek diote, munduan zehar badaudela horrelako artelan antzekoak egitetik bizi diren artistak! Hau egia izatea ere …
Ah!!! Eta bihar berdina egingo dugu, baina oraingoan argiak itzaliko dituzte eta espezialak diren kolore fluoreszenteekin egingo dugu artelana! Aurpegia margo dezakegula ere esan dute!!! Ezin dut gehiago itxoin, biharko eguna iristeko irrikitan nago!!!


Ondoren, kolore askotako artile biloak zeuden gela batean sartu gara. Borobilean jarrita batak besteari pasa dizkiogu biloak eta konturatu garenerako borobilaren erdian mila koloreko armiarma sarea sortu da! Edo hobe esanda, sortu dugu!! Gero sare barruan sartu gara eta argazkiak atera ditugu! Artile hariak gorputz eta erropa guztitik, goitik-behetik genituen. Orduantxe esan digute, horrelako hariekin, josi eta josi arituko bagina, jertseak, txapelak edota eskularru goxoak egin daitezkeela negua bero-bero pasatzeko eta guk ere egin genitzazkeela gogoa izango bagenu. Horrela, ez genuke dirurik erabili beharrik izango erropa erosteko, eta egia da!
Azkenik, eskolaren kanpoaldera joan gara eta horman tutuak jarri ditugu. Tutuen azpian, kolore ezberdinetako akuarela gogorrak. Arratsean, euria egin du eta tutuek jasotako ura, inbututik behera joan da eta pareta guztia, hortzadarra balitz bezala utzi du. Dena kolore alaiez beteta!! Bihar euri gehiago egiten badu, pareta gehiago margotuko da !!!!
Zertan datza sonoterapia?

Musikoterapiarekin ez du lotura zuzenik, izan ere, ahots, instrumentu (tibetar ontziak), edo tamaina ezberdinetako diapasoiek sortzen dituzten  soinuak erabiltzean datza bere teknika. Ahotsak bere dituen bibrazioak edo tresna hauek kolpatzean eratutakoak erabiltzen dira minduta dauden gure barne organoetan zuzenean erasan dezaten. Erlaxazioaren bitartez eramaten da aurrera prozesua, soinuen monotoniaz baliatuz, meditazioa eta gogartea aurrera eraman daitekeen kontzientzia faseetara iristea da jomuga. 
Sonoterapistek defendatzen duten beste argudio bat, bibrazio horren frekuentziak gaisotutako organoaren frekuentziarekin sintonizatu eta era honetan gibelaren zein giltzurrunen jarduna zuzenduko lukeen teoria da. Oso interesgarria, baina argudio hauek egiaztatuko lituzketen ikerketa zientifikoak egiteke daude oraindik.