sormen artistikoa...




“Bazen behin eskolara joaten hasi zen haur bat. Nahiko txikia zen, eta eskola, aldiz, oso handia. Haurra ohartu zen bazela ate bat kanpoaldetik zuzenean eskolara sartu ahal izateko, eta lasaiago sentitu zen horrela, zoriontsuago. Goiz batean, irakasleak zera esan zuen:
-Gaur, marrazki bat egingo dugu.
-Ze ondo!- pentsatu zuen haurrak. Asko gustatzen zitzaion marraztea: behiak, trenak, oiloak... Tigreak, lehoiak, itsasontziak…
Orduan, koloretako arkatzak atera eta marrazten hasi zen; baina irakaslearen hitzek geldiarazi egin zuten:
-Itxaron!, ez hasi oraindik marrazten. Oraindik ez dut esan zer marraztu behar duzuen. Gaur lore bat marraztuko dugu.
-Ze ondo! - pentsatu zuen txikiak. Asko gustatzen zitzaion loreak marraztea: bioleta kolorekoak, laranjak, urdinak...
Baina irakasleak hizketan jarraitu zuen:
-Itxaron momentu bat, nik esango dizuet nola egiten den -eta tiza eskuan, lore gorri bat marraztu zuen, lau petalo eta zurtoin berde batekin. -orain bai, has zaitezkete– bukatu zuen irakasleak.
Haurrak irakasleak marraztu zuen lorea ikusi zuenean, berak marraztutakoa politagoa zela iruditu zitzaion, baina ez zuen ezer esan. Orriari buelta eman eta lore gorri bat marraztu zuen, lau petalo eta zurtoin berde batekin, irakasleak erakutsitakoa kopiatuz.
Hurrengo egun batean, zera esan zien irakasleak:
-Gaur plastilinarekin jolasean arituko gara.
-Ze ondo!- pentsatu zuen txikiak. Asko gustatzen zitzaion plastilinarekin formak egitea: sugeak, elurrezko panpinak, saguak, kamioiak... Plastilina moldatzen hasi zen orduan, sortuko zituen forma guztiekin ametsetan. Baina irakaslea hizketan hasi zen:
-Itxaron, ez hasi oraindik! platertxo bat egingo dugu.
-Ze ondo!- pentsatu zuen haurrak. Asko gustatzen zitzaion platertxoak egitea. Forma eta tamaina desberdientako platertxoak egiten hasi zen orduan.
-Itxaron! nik erakutsiko dizuet nola egin. Eta platertxo sakon bat egin zuen. -Orain bai, has zaitezkete.
Haurrak irakasleak egin zuen platertxoa ikusi zuenean, berea gehiago gustatzen zitzaiola pentsatu zuen, baina ez zuen ezer esan. Berriz ere plastilina moldatu eta irakasleak egin zuen platertxoa kopiatu zuen.
Haurrak, pixkanaka-pixkanaka, irakasleak eskatzen ziena kopiatzen ikasi zuen, ezer pentsatu gabe, isil-isilik.
Urte batzuk pasa ziren, eta haurra eta haren familia beste hiri batera joan ziren bizitzera. Haurra beste eskola batean hasi zen, eskola handiago batean: ez zeukan atetxorik kanpoaldetik zuzenean bere gelara sartzeko... Irakasle berriak, bere lehenengo egunean, zera eskatu zion:
-Gaur, marrazkitxo bat egingo duzu.
-Ze ondo!- pentsatu zuen txikiak, eta irakasleak zer eskatuko zai gelditu zen. Baina irakasleak ez zuen ezer esan... gelan pasieran zebilen, haurren marrazkiei begira. Txikiaren ondora iritsi zenean, galdetu zion:
-Ez al zaizu marraztea gustatzen?
-Bai – erantzun zion txikiak –baina, zer egin behar dut?
-Zuk nahi duzuna egin dezakezu –erantzun zion irakasleak.
-Edozer? Ze kolorerekin?
-Edozeinekin! Denok marrazki berdina egingo bagenu, eta kolore berdinak erabili, nola jakingo nuke zein den zurea?
Haurrak ez zion erantzun, eta burua jeitsiz, bere koloretako arkatzak hartu eta marrazteari ekin zion: lore gorri bat marraztu zuen, lau petalo eta zurtoin berde batekin.”
(HELEN BUCKELIN)